top of page

Aurkezpen publikoaren kronika (2014ko urriak 29, Iruñeko SanFrantzisko eskolan)

“Auzolanez egindako artelan erraldoia, anitza eta koloretsua”. Lau hitzetan Hamarratz zer den azaldu digu Sergio Iribarrenek, Sortzeneko kidea eta Hamarratz dinamikaren arduraduna.

Euskararen munduko aurpegi ezagunak, baita hezkuntza mailako sindikatuetako ordezkariak hurbildu dira, urriko udaberri-giroko arratsalde honetan, Iruñeko Frantzisko Deunaren eskolara. Behatokiko Garbiñe Petriati, baita Kontseiluko Maite Inda ere, LAB, ELA eta EILASeko ordezkariak, AEKko Xabier Gartzia, Euskaraz bizi eta ikasi Herri Ekimenaren kideak, EHEko kidea den Gorka Iriarte, guraso elkartetako kideak, … Sortzen Elkarteak gonbidatuak, “Hamarratz, Euskararen Herria josten” dinamika bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Bertaratuek, josten, merendua hartzen, Nafarroako zonalde “diskriminatutako” testigantzak entzuten, eta azken egunetan bolo-bolo dabilen “Vascuencearen Legea” aldatzeko proposamenaren inguruan solasean, igaro dute arratsaldea. Joana Vasconcelosek egindako “Contaminaçao” artelanean oinarrituak, eta Angela Moreno artista uhartetarraren laguntzarekin, Artea eta Euskara uztartzeko helburuarekin jaio da Hamarratz. Martxan da jada, eta hemendik aurrera, auzolanean, “Euskararen Herriaren metafora bat izan nahi du Hamarratzek, panpina erraldoi bat, Euskararen herriek osatutako panpina amorfoa”. Hitz horiek erabili ditu Gari Torregrosak, Sortzen Elkarteak Nafarroan duen koordinatzailea, bere aurrean zeukan oihal zati bati puntada pare bat ematen zizkion bitartean. Eskolaz eskola osatuko da Hamarratz, euskaraz ikasi nahi eta legez debekatua dute herrietako eskoletan hasi, eta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoarekin.

Bideoen bidez, Erribera eta Lizarraldeko biztanleen testigantzak ezagutzeko parada izan dute ere. “Euskaraz bizi eta ikasi” Herri Ekimeneko kideak dira, Nafarroako Gobernuak izendutako zonalde “diskriminatuan” bizitzeagatik, sare publikoan euskaraz ikasteko inongo aukerarik ez dutenak: hizkuntza exodoa, bidaiak eta diru-gastuak, bazterketa, eskubide falta, … hitz hauek etengabe agertzen dira. Baita “ilusioa” ere, datorren urtetik aurrera, euskarazko irakaskuntza zabaldu ahal izateko ate txiki bat irekitzeko aukera baten aurrean gaudela aipatzen digute. “Euskarak, gure herrietan merezi duen lekua berreskuratzeko aukera hau ezin dugu galdu”. Zentzu horretan, babesa eta eskertza sare bat izan nahi du Hamarratzek ere, “euskararen alde egindako lana eskertu behar delako, eta egunero izaten ditugun euskararen aldeko jarrera horiek, babestu behar direlako, euskaltzaleen arteko babes sarea, alegia”, Gari Torregrosak azaldu digu.

hamarratz eta errigora saskia.jpg

Fitxak mugitu ditu pasa den astean Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako proposamenak, eta bide horretan beste urrats bat izateko asmoa dauka Hamarratzek ere. “Bakoitza bere aldetik, Parlamentuan lan asko egin daiteke, baina herrietan, eskoletan eta kalean, gehiago. Hor dago gure benetako altxorra, eta modu berean eskertzekoa da, oztopo guztiak gainditu eta egunero euskaraz bizitzea hautatzen duen lagun orok”. Sergio Iribarrenek argi dauka, komunitate osoaren errekonozimendua beharrezkoa da, denontzako lekua dago Hamarratzen, eskolaz gain: norbanakoak, elkarteak, udalak, kultur taldeak, …

Horretarako, dinamika honekin lotua dagoen “Unitate Didaktikoa” zabalduko dute eskolaz eskola, baita Euskara, Auzolana eta Hizkuntza Eskubideak ardatz duten bestelako dokumentuak eta ikus-entzunezko materialak (Behatokiak, Euskaraz bizi eta ikasi Herri Ekimenak, edota Sortzenek ekoiztutakoa). Dinamika honetan parte hartzeko informazio gehiago, laster sarean egongo den www.hamarratz.info blogean aurkituko duzue. Bitartean Twitter zein Facebooken bidez harremanetan jartzeko aukera izanen duzue. Aurkezpena bukatzeko, Sortzeneko eledunak Errigora kanpaina aipatu zuen, aurtengo “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” bat, Hamarratz dinamikarako bideratua izango da eta. Informazio gehiago www.errigora.eus atarian.

hamarratz aurkezpena panela 2014-X-29.jpg


Argitaratutako berriak
Azken berria
Artxiboa
Etiketak
No hay tags aún.
Sare sozialetan ere
  • Facebook Basic Square
  • Twitter Basic Square
  • Google+ Basic Square
bottom of page